Espainiako Gobernua
Espainiako Gobernua
Espainiako Gobernua
Espainiako Gobernua
Contenido web

Zer da sinadura zentralizatua?

Cl@ve da herritarrei zuzendutako estatuko sektore publiko administratibo guztirako identifikazio- eta autentifikazio-sistema eta sinadura elektronikoko sistema erkidea, adostutako gakoen erabileran oinarritutakoa, herritarrek zerbitzu publikoetara duten sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 13.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera eta nortasun eta sinadura elektronikoaren inguruko Europako Erregelamenduaren arabera.

Cl@ve sistemak eskaintzen duen berrikuntza nagusia da sinadura elektronikoa burutzeko aukera ziurtagiri elektroniko zentralizatuak erabiliz, hau da, administrazio publikoan gorde eta zaindutako ziurtagiri elektronikoak alegia.

Ziurtagiri zentralizatu edo "hodeiko ziurtagiri" horiek herritarrei aukera ematen diete dokumentu elektronikoak sinatzeko Internetera konexioa duen edozein gailutatik eta inolako ekipamendu gehigarririk gabe.

Sinadura zentralizatua erabiltzeko, beharrezkoa da aldez aurretik honako urratsak ematea:

  1. Maila aurreratuko erregistroa Cl@ve sisteman:  herritarrak bere erregistro-datuak emango ditu sisteman, bai aurrez aurre bulego batean, helburu horretarako gaitutako langile publiko baten aurrean, nahiz modu telematikoan, aldez aurretik herritarra autentifikatuz onartutako ziurtagiri elektroniko baten bidez.
  2. Cl@ve iraunkorraren aktibazioa; sistemarako sarbide-kredentzialak eskuratzea herritarrak gorde beharreko erabiltzaile eta pasahitz bidez. Pasahitzaren iraupena mugatua izango da. Halaber, eta izapideak hala eskatzen duenean, Cl@ve iraunkorraren identifikazio-modalitateak maila goreneko autentifikaziorako bermea eskaini ahalko du, segurtasun-egiaztapen gehigarri bat dela medio, erabiltzailearen gailu mugikorrera bidaliko den erabilera bakarreko kode bat erabiliz (OTP, "One Time Password"). Sistema honetarako pasahitzen segurtasun-betekizunak Cl@ve atarian argitaratuko dira (http://www.clave.gob.es).
  3. Sinadura-ziurtagiria sortzea. Ekintza hau automatikoki burutu daiteke lehenengo sinadura burutzeko momentuan, edo beste edozein momentutan, erabiltzailearen aukeran.

Sinadura zentralizatua burutu ahal izateko beharrezko ziurtagiriak Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak igortzen eta zaintzen ditu. Zaintza hori modu seguruan burutzen da eta, ondorioz, ziurtagiriaren jabea soilik sar daiteke ziurtagirira. Gizarte Segurantzaren Informatika Zuzendaritza (GISS) konfiantzako zerbitzu-emailea izango da, Poliziaren Zuzendaritza Nagusiarekin batera, azken hau sinadura-agintaritza ere izango delarik. GISSari dagokio jatorrizko fitxategiaren segurtasun-maila bera duten ziurtagirien babes-kopia baten zaintza.

Ziurtagiriaren igorpena lotuta egongo da Cl@ve sistemaren erregistrorako erabilitako dokumentuaren euskarri fisikoarekin. Euskarri fisiko hori, Espainiako herritarren kasuan, Nortasun Agiri Nazionala izango da; Europar Batasuneko atzerritarren kasuan, Batasuneko Herritar Erregistroaren Ziurtagiria, dagokion herrialdeko nortasun-agiri edo pasaportearekin batera; eta Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Atzerritar Txartela. Dokumentu hauek iraungitzean, iraungi egingo dira horiekin lotutako ziurtagiriak.

Dokumentu honetan aipatutako nortasun-agirien kopiak eskatzean, narriadura-, galera- edo lapurreta-arrazoiak direla eta, ez dira bertan behera utziko ziurtagiri zentralizatuak. Jatorrizko dokumentuarekin igorritako ziurtagiriak indarrean mantendu ahalko dira.

Sinadura-prozesua segurtasun-maila handienarekin burutzen da, beraz, Cl@ve iraunkorraren modalitate indartua erabiliko da, hau da, erabiltzailea eta pasahitza edo Cl@ve iraunkorra sartzeaz gain, erregistroaren momentuan ziurtagiriaren titularrari lotutako mugikorrera SMS bidez bidaliko zaion erabilera bakarreko pasahitza ere sartu beharko da.